Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Gabiltza, Emakume Adituen Biltoki Digitala martxan da

Gabiltza, Emakume Adituen Biltoki Digitala martxan da

Gabiltza Emakume Adituen Biltoki Digitala sortu dute. Duela bost urte zenbait emakume kazetari elkartu ziren Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako topaketetan eta bertan, emakumeek komunikabideetan duten presentziaz jardun ziren, besteak beste. Hainbat ikerketak diote emakumeek hedabideetan duten protagonismoa oso txikia dela oraindik ere.

Egoera honek kezkatuta, mundu mailan dauden alternatibak mahai gainean jarri eta emakumeon ikusezintasuna gainditzeko gurean ere tresnak martxan jarri beharra nabarmendu zuten topaketa haietan. Bi urte beranduago, bertan egondako bi kazetarik Berria Fundazioak eskainitako beka bati heldu zioten proiektua garatu ahal izateko eta webgune hau da emaitza.

Gabiltza-k, hutsune horri aurre egin nahi dio, eta horretarako, hainbat emakumeren esperientzia eta jakituria biltzen ahalegindu dira. Emakume adituak bildu nahi dituzte. Biltegi honetan edozein emakume agertu daiteke, guztiak baitira zerbaitean aditu. Ez dute unibertsitate ikasketak edo lanbide ibilbide arrakastatsuak dituzten emakumeetara mugatu nahi. Horregatik deia luzatzen die Euskal Herriko emakume guztiei izena eman dezaten hemen.