Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Gabonetako betekadak saihesteko, frutak eta barazkiak lagun

Gabonetako betekadak saihesteko, frutak eta barazkiak lagun

Irensten dugunak eraginda, gorputzeko hainbat organoetan gai toxikoak sortzen dira. Sabela betetzeko jaten dugunak ere horretan zeresan handia du. Are gehiago, gehiegikeriak egiten diren garaietan, eta eguberrietan zer esanik ez. Hori dela eta, gorputza apur bat zaintzea inoiz ez dago soberan, eta datozen jai egunak kontuan hartuta, elikagai osasuntsuak dastatzeko aukera zabala dago. Merezi du, geure buruari on egingo baitiote fruta eta barazkiek.

Toxikoak botatzeko, bikainak

Gorputzeko zenbait ataletan dauden toxinak ezabatzeko, frutak ezin egokiagoak dira. Gogora dezagun, txanpainarekin eta kanpaien erritmora, mahats aleak irensten ematen diogu ongi etorria urte berriari. Gabonetako menuko osagai ezin hobea da. Mahats ale eraginkorrenak haziak dituztenak dira, bizitzaren germena baitute. Bestalde, aditu batzuk, hiru eguneko proba bat egitea proposatzen dute; denbora tarte horretan, soilik garaian garaiko frutak jan eta ura edatea. Toxinak gainetik kentzeko eta horren eragina nabarmentzeko ezin hobea omen da. Baina horrelako erabakiak eta asmoak, medikuen zaintzapean gauzatzea gomendatzen dute. Are gehiago, gaixotasunen bat tartean dagoenean.

Frutekin batera, gure gorputza desintoxikatzen laguntzeko likido gaiak edatea, ura bereziki, ezinbestekoa da. Toxinak arrastaka eramaten laguntzen du eta. Pixak, arnasketak edota izerdiak egingo du gainerakoa.

Bultzada horretan ere lagun ezinhobeak dira barazkiak. Elikagai arrastoei bultza egin eta horiek desegiteko aproposenak. Horien kasuan, sukaldean prestatzeko moduak baldintzatuko du neurri handian, haiek gure gorputzari eragin diezaioketen onura.

Koipe onak fruitu lehorretan

Fruitu lehorrek (almendrak, pinaziak, intxaurrak…) eta fruta lehortuak (orejoiak, aranpaxak eta mahaspaxak) eguberrietako ohiko produktuak baino alternatiba gozo, atsegin eta osasungarriagoak dira. Gainera, ez da ahaztu behar, elikagai energetikoak ere badirela. Besteak beste, duten koipeagatik. Kontraesana dirudien arren, koipe mota ezberdinak daude; on eta txarrak. Modu batekoak edo bestekoak diren jakiteko, odolean kolesterol maila modulatzeko gaitasunari begiratu behar zaio. Fruitu lehorren kasuan, koipe "onak" dira, kolesterolaren maila plasmatikoa murrizten baitu. Eta bihotzerako osasungarria da.

Buruntzaldeko lehiaketa, azken txanpan

 "Eska itzazu frutak eta barazkiak euskaraz" kanpainaren barruan, lehiaketa bat antolatu da Buruntzaldean. Animatu parte hartzera ondoko orrialdeko hizki zopa beteta, hauek azken egunak baitira!

Parte hartzeko beste modu bat kanpainarekin bat egin duten fruta eta barazki dendetako batera hurbiltzea da. Bertan, erosketen truke hizki sopa osatzeko esku orri bat jaso daiteke. Kasu horretan, aipatu saltokietan jarritako kaxetan utzi behar da orria abenduaren 17a baino lehen. Hilaren 18an egingo da zozketa eta saltoki bakoitzeko bi bezerok 50 euroko erosketa bono bana jasoko dute, aipatu dendatan xahutzeko. Orain arte, harrera ezin hobea izan du ekimenak.

Ikusi "Eska ezazu fruta euskaraz" kanpainaren inguruko informazioa.