Pizgarri moduan, aipaturiko azterketa gainditzen duten Buruntzaldeko pertsonen artean 400 euroko sariak zozkatzen dira herri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua aintzat hartuta, eta hain zuzen, gaur eguerdian burutu dira zozketak Urnietako Lekaio Kultur etxean. Buruntzaldeko 9 autoeskolek hartzen dute parte ekimenean, eta beraz, 9 sari zozkatu dira.
1.114 lagunek atera dute gidabaimena euskaraz
Ekitaldian izan dira besteak beste, Mikel Artola eta Oxkar Santamaria, Urnietako eta Usurbilgo Euskarako zinegotziak. Beraiek arduratu dira ekimenaren gaineko azalpenak emateaz eta balantzea egiteaz. Kontatu dute 11 urte igaro direla proiektua martxan jarri zenetik eta azpimarratu dute urte hauetan 1.114 pertsonek lortu dutela gidabaimena euskaraz ateratzea. Gauzak horrela, gustura agertu dira ekimena egiten ari den bidearekin, nahiz eta 2019ko datuekin alderatuta 2020an 37 pertsona gutxiagok atera zuten gidabaimena euskaraz. Hala, onartu dute euskararen aldeko hautua egiten duten pertsonen kopuruan jauzi kualitatibo bat ematea kostatzen ari dela.
Dena den, adierazi dute ezinbestekoa dela belaunaldi gazteei eskolaz kanpoko jarduera erakargarri bezain garrantzitsu hau euskaraz eskaintzea, eta aukera hori ahalbidetzeko buruturiko lan eta esfortzu guztia nabarmendu dute. Zentzu horretan, 6 udalen inplikazioa eta jarrera eskertu nahi izan dituzte. Baita autoeskolena ere, bertako prestatzaileentzat erronka handia izan baita lanketa hori egitea.
Halere, artean gauza dezente daude hobetzeko haien aburuz, terminologia bateratu bat sortzea, eta kalitatezko azterketa ereduak garatzea, besteak beste. Halaber, aurrerapausoak azterketa teorikoan emanagatik, azterketa praktikoan jarraipena izatearen beharra azaleratu dute. Baita baliabide teknologikoetan euskara erabiltzeko aukera bermatu beharra ere. Era berean, udalez gaineko administrazioen apustu sendo baten beharra somatzen dutela adierazi dute, udalek ez baitute eskuhartze gehiagorako eskumenik.
Zailtasunak zailtasun, aurrerapausoak emateko eta euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko jarrera irmoa erakutsi dute, eta argi utzi dute Buruntzaldeko herritarrak gidabaimena ateratzeko orduan ere euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segituko dutela.
Saridunak
Ondorengoak dira zozketan saridun izan diren pertsonak:
ANDOAIN
-
Beñat Setien Iguaran
-
Aizpea Oria Irigoras
ASTIGARRAGA
-
Olaia Lizeaga Otaño
HERNANI
-
Olatz Ollo Urnieta
-
Uxue Mariñelarena Urbieta
-
Nahia Cisneros Gómez
URNIETA
-
Uxue Lizarazu Iceta
USURBIL
-
Mattin Aierbe Zubeldia
LASARTE
-
Larraitz Izagirre Inza