Hernaniko Udalak 2013-2014 ikasturtera begira hainbat ikastaro eta tailer antolatu ditu. Haur eta gaztetxoentzako ikastaro guztiak euskaraz dira, eta helduentzako, berriz, %50 inguru dira euskaraz eskaintzen direnak. Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 2tik 6ra izango da, Biteri Kultur Etxean. Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.
Euskarazko ikastaroetan izena emateko ez da nahitaezkoa euskaraz ondo jakitea, baina ulertu, behintzat, egin beharra dago, jarduna ez oztopatzeko. Eta Udalaren helburua da, euskara erabiltzeko eremuak eta espazioak zabaltzea Hernanin, besteak beste, euskaraz egiteko erraztasunik ez daukatenek aukera izan dezaten praktikatzeko.
Haur eta gaztetxoentzat antolatu diren ikastaroak antzerkia eta pintura-marrazketa dira. Bestalde, helduentzako antolatu den ikastaroen eskaintza zabalagoa da: argazkigintza digitala, dantza garaikidea, dantza latinoak, egur taila, pintura, taichi-chikung, yoga, zeramika, kosmetika naturala, patchwork, bisuteria eta senda belarrak.