Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. "Nola sustatu euskara udalerriko enpresetan. Lasarte-Oriako Udalaren esperientzia"

“Nola sustatu euskara udalerriko enpresetan. Lasarte-Oriako Udalaren esperientzia”

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuodeak, Rikardo Ortega Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko teknikariak "Nola sustatu euskara udalerriko enpresetan. Lasarte-Oriako Udalaren esperientzia" liburua aurkeztu dute.

Liburu honen helburua da Lasarte-Oriako enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko orain arte egindako lanen berri ematea, eta lan horretan diharduen —edota hastekotan dabilen— teknikariaren bidea arintzeko lagungarria izatea.

Helburua Lasarte-Oriako enpresa munduan, orokorrean, egindako lanaren berri ematea bada ere, enpresa txikien arloa da gehien garatzen dena liburuan zehar. Planifikatutako edozein aktibitate ekonomikoa da enpresa, eta horien artean gehien lantzen direnak establezimendu komertzialak dira. Hurrengoan dira ukitzen diren gaiak:

  • Establezimenduekin egiten den banan-banako lana, enpresa berriak nola detektatzen diren, haiekiko harremana nola eratzen den, nola antolatzen diren bisitak, eta abar.
  • Sektorekako lanean -ostalaritza, arrandegiak, harategiak, ile-apaindegiak, fruta-dendak, gestoriak, okindegiak, finantza erakundeak, eta urteroko errenta kanpaina- sektorea nola aukeratzen den, emandako urratsak, erabilitako materiala, eta abar.
  • Bezero herritarrarengana heltzeko, markatutako helburuak eta diseinatutako materiala.
  • Enpresen kanpoko eragileak detektatu eta haiengan eragiteko erabilitako bideak.
  • Eta abar.

Buruntzaldeko herriek -Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietak- elkarlanean aritzeko daukaten hitzarmenaren barruan kokatzen da enpresa handietako euskararen erabileraren sustapenerako lana, eta arlo horretan egindako bideari eta erabilitako bitartekoei ere eskaintzen zaie liburuan tartetxo bat. Bukaeran, gestio guztiak kudeatzeko erabiltzen den datu-basearen inguruko hainbat zehaztasun.

Eta guztia hobeto ulertzen laguntzeko, adibidez eta erabilitako elementuen irudiz dago hornituta.