Andoaingo Udalak 2012ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatu berri ditu. Sari Nagusia Karlos Zurutuza kazetariari eman diote. Epaimahaiaren Aipamen Berezia Argiaren Beranduegi web telebistak jaso du; Kazetari Berria Saria Miren Garate azpeitiarrak jaso du; Ohorezko Aipamena, berriz, Mattin Lartzabal Gure Irratiko esatariak jaso du eta Aipamen Berezia Sautrela telebista saioak.
Epaimahaiak Karlos Zurutuzak "Arabiar oldarraldiak Libia eta Iraken" gaiaren inguruan 2011ko ekainetik 2012ko apirilera Argian eta Berrian argitaratutako erreportajeak saritu ditu. Hori izan da Sari Nagusia. Bestalde, Epaimahaiaren Aipamen berezia jaso duen Beranduegi web telebista Argiaren multimedia garapenerako "aurrerapauso garrantzitsua" eta "ausardiaren eredu" dela nabarmendu dute epaimahaikideek.
Miren Garate kazetari azpeitiarrak Kazetari Berria Saria jaso du 2011ko azarotik 2012ko martxora bitartean Berria egunkariko Egitura gehigarrian ekonomiaren gainean argitaratutako bost erreportajeren harira, zehazki horietako bi nabarmendu direlarik: Iluna tunela amaitutakoan (2011-11-20) eta Presaka, eta hankamotz (2011-12-30).
Mattin Lartzabal Gure Irratiko esatariak Ohorezko Aipamena jaso du. "1982an, Frantzian, uhin erradiofonikoak askatu zirenean, orduan esaten zenez, lehen aldizkoz lau haizetara euskal irrati baten ahotsak zabaldu ziren Iparraldean, Gure Irratiarenak alegia. Gaur egun boz 'historikoak' bilakatu direnen artean, Mattin Larzabalena daukagu", diote epaimahaikideek.
Azkenik, Aipamen Berezia jaso du ETB1eko Sautrela saioak. "12 urte, 351 saio; ibilbide luze bezain oparoa izan da nagusiki euskal literaturaren gainean ETBk eskaini duen literatur programa gozo, aberats eta eredugarri hau”.