Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Uztailean, kultura kalera
Lasarte-Oria

Uztailean, kultura kalera

Bederatzi kale emanaldi izango dira uztailean Lasarte-Orian. Maite Iglesia Kultur zinegotziak eta Juantxi Ugarte kultura teknikariak ekintzen berri eman dute.

Okendo Zinema taldeak emango dio hasiera udako egitarauari. Okendo plazan bi zinema saioz gozatu ahalko da. Ostegun honetan, uztailaren 5ean, Sing Street filma ikusi ahalko da. Uztailaren 19an, berriz, La Tortuga Roja izango da. Saioak 22:15ean hasiko dira. Eguraldi txarra eginez gero, Elizatzeko estalpean eskainiko dira filmak.

Adin guztiei zuzendutako antzerkiak ere eskainiko dira Okendo plazan. Uztailaren 6an, ostirala, 19:00etan, Hortzmuga taldeak Jule lana antzeztuko du. Uztailaren 12an, osteguna, berriz, Babo Royal ikuskizuna  ikusteko aukera izango da Ganso&Ciari esker. Hurrengo egunean, Eidabe taldeak Txapela buruan eta dantza munduan lana eskainiko du, 18:00etan. Kalea antzerkia bultzatuz ekimeneko ekintza hauek Eusko  Jaurlaritzak lagundutakoak dira.

Dantzak ere izango du bere tartea. Sagartu ikuskizuna eskainiko dute HIka Teatro eta Oinkari dantza taldeek uztailaren 20an, 19:00etan. Emanaldia Lasarte-Oria dantzan ekimenaren barruan dago.

Udal ordezkariek eguraldia lagun izatea espero dute eta ekintza guztiak aurrera eramaten saiatuko direla aipatu dute agerraldian.

Honez gain, uztailaren 26an, Santa Ana eguna ospatuko da. Ttakun kultur elkarteak antolatzen duen egun honi amaiera emateko, parodia umoretsua eskainiko da.

Ospakizun horrekin lotuta,  XXXIV. Santa Ana azoka antolatuko da uztailaren 22an, igandea. Urtero legez, Sendoki taldeak artisau lanen erakusketa egingo du eta bi tailer izango direla aurreratu dute: bata nylon lanak eta bestea uraren bidez imprimatzea.

Bestetik, Karmengo Amaren egunean, uztailaren 16ean, Oriako jaiak egingo dira eta uztailaren 29tik 31era, San Inazioetako egitaraua antolatu dute Basaundi Bailaran.

Azkenik, ezin dira ahaztu larunbatero auzoz auzo egingo diren ipuin kontalari eta tailerrak.

** OHARRA: Edukia eta argazkia Txintxarri.eus webgunetik hartua.